XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERREPORTAJEA BI ARTZAI GAZTEREN BIZIMODUA

Maider Murua bere ardiak Ordiziako kaleetatik eramaten, atzo ospatu zen Artzai Egunean.

Maider eta Xabier, egungo artzai gazteak.

Artzantza mekanizatu denetik, gauzak errazten ari dira lanbide honetan aritzen direnentzat. Bestalde, baserriko giroa betidanik bizi izan duten bi ordiziar hauek lanbide gogorra dela aitortzen digute, baina lan hori da beraiei atsegin zaiena

XABIER eta Maider Ordiziko bi gazte dira.

Ez lirateke gaur albiste izango, xehetasun txiki batengatik izango ez balitz: beraien lanbidea artzai izatearena da.

Xabierrek 19 urte ditu eta Maiderrek 20. Oñatiko artzai eskolan ezagutu zuten elkar eta amets bera dute, pabeloi on batzuk eta artalde zabal bat.

Atzo goizean artzai eguna ospatu zen Ordizian eta egun hau, beraientzat oso berezia dela aitortzen dute urte guztian ikusten ez diren lagunekin elkartzen direlako.

Egun ez da batere erraza entzutea gazte bati bere benetako bokazioa artzai izatearena dela.

Gehienak, mendiarena, aisialdirako uzten dute eta oso gutxik pentsatzen dute honetan lanbide bezala.

Maider Murua eta Xabier Arsuaga ez datoz bat iritzi honekin.

Txikitatik izan dute argi, beraien bizitza ardien munduan tinkatu nahi zutela. Maiderren kasua oraindik apartekoagoa da, betidanik pentsatu baita artzaien lanbidea gizonez osatua dagoela soilik.

Hala ere, Maiderrek hau ezeztatu digu, berak ardiekin lan egiten duen emakume asko ezagutzen baititu, Oñatiko eskolan aritu ginenean, artzai baten etxean egiten genuen astea eta han emakumea zen ardiekin zebilena. Baina hau ez da kasu bakarra, gehiago ere ezagutzen ditut.

Artzai bokazio hau ez zaie nolanahi etorri, biek baserri giroan hazi baitira.

Xabier, Arramendi baserriko seme gazteena da.

Betidanik, hauen diru iturri nagusiena behiak izan dira, baina behin ardi pare bat ekarri zuten etxera xelebrekeri modura eta egun, artalde sendo bat osatu dute

Maiderren kasua desberdina da.

Ordizian bizi da, nahiz eta ardiak Itsasondon eduki.

Bere aitona eta aita, artzaiak izan dira eta bere asmoa, ohitura zahar honekin jarraitzea da.

Hala ere, egunero Itsasondora abitzen da han baitu bere ogibidea eta gauerarte ez da etxera itzultzen.

Ikasketak

Xabier eta Maider Oñatiko artzai eskolan ezagutu zuten elkarri, baina hara iritsi aurretik bakoitzak bide desberdinak jarraitu zituen.

Etxekoek bultzatuta, Maiderrek administratiboko ikasketak hasi zituen Goierrin.

Nahiz eta ahalegindu, ezin zuen liburuetan pentsatu eta ikasketak uztea erabaki zuen.

Ondoren, gaztak egiteko ikastaro batean sartu zen, hau gehiago gerturatzen baitzen berak atsegin zuen mundura.

Han zegoela Oñatiko artzai eskolaren berri eman zioten eta bi aldiz pentsatu gabe, matrikula egin zuen.

Xabierrek, Ordiziako Jakintza ikastolan burutu zuen Oinarrizko Hezkuntza Orokorra.

Maider bezala, Goierrira joan zen eta han 3 urtez egon zen.

Nahiz eta ikasten aritu, Xabierrek argi zuen bere gurasoen baserrian lan egin nahi zuela eta Goierrin amaitu ondoren, etxean geratu zen laguntzen.

Baserrian zegoela, Oñatiko artzai eskolari buruz hitzegin zioten eta hara joan zen ardien gaian bere jakituria zabaldu asmoz.

Artzai izateko ere ezagupen asko eduki behar dira, jende askok kontrakoa pentsatu arren.

Eskolan gauza asko ikasten ditugu. Niri etxean beti esan didate zer eman behar zaie jateko ardiei, baina ez zergatik. Eskolan honelako gauzak ikasten ditugu. Baita ere ardien gaixotasun guztiak, noizbait bat hiltzen bazait honela jakin dezaket zergaitik izan den

Artzai eskolan 6 hilabetez egon ziren.

Astean zehar, bakoitza artzai baten etxean egoten zen.

Honela, lehen pertsonan ezagutzen zuten nolakoa izan daitekeen artzai baten bizitza.

Hauek, bizitako esperientziak kontatzen zizkieten ikasleei, bai onak eta txarrak, beren egonaldia ahalik eta aberasgarriena gerta zedin.

Alde praktikoan, ardiekin egonarazten zieten.

Edozein ezustekoren aurrean nola jokatu honela ikasi zuten.

Nahiz eta biek artalde sendo eta zabal batzuk eduki, ez digute esan nahi zenbat buru dituen bakoitzak, hori artzai baten sekreturik handiena da.

Bizimodua erreztu

Urte batzuetatik hona, gauzak asko aldatu dira, baita artzantzaren munduan ere.

Xabier eta Maiderrek, badakite orain gauzak asko erreztu direla ardiekin lan egiterako orduan.

Urte batzuk lehenago, lanbidea askoz gogorragoa zen dio Maiderrek.

Mundu industrializatuan sartu direnetik, artzaien lana bigundu egin da, nahiz eta oraindik ere beltzak ikusi askotan.

Inbertsio handiak egin dira, makina handiak sartuz.

Xabierren ustetan hau guztiz beharrezkoa da, ?egun gauzak dauden bezala ikusita. Geroz eta konpetentzia handiagoa dago eta gainera merkatua oso zorrotza da. Hala ere, egun erretiratzeko dagoen artzai asko dago eta hauek ez dute bere etxeetan makinak sartzeko asmorik.

Negu gogorra

Artzantzaren munduan, negua de eperik gogorrena.

Gabona aurretik, erditzeko dauden ardiak banatzen dira.

Oso garrantzitsua da, hauei besteei baino janari gehiago ematea, arkumea jaiotzen denerako jadanik indarrak metatuak edukitzeko.

Erditzen duten garai hau da gogorrena.

Guztian lagundu behar zaie. Ezin dute ezer egin bere kabuz eta txikiak izateaz gainera, asko dira. Horregaitik daukagu horrenbeste lan neguan, dio Xabierrek.

Biek ezagutzen dute aukeratu duten lanbidearen laztasuna.

Guk ez ditugu oporrak, ezta ere asteburuak aipatzen du Maiderrek.

Goizean goiz joaten dira lanera eta gauean ez dute ateratzeko ordurik.

Hala ere, hori txikitatik ikusi dute etxean eta egun ez zaie beste edozeini egingo litzaiokeen bezain gogorra egiten.

Askotan, lana baina gogorragoa izan daiteke gizarteko hainbat sektoreetatik jasotzen duten jaramon eza.

Baserrietatik saltzen diren produktuak ez dira baloratzen.

Gehiegi begiratzen zaio salneurriari eta gutxiago atzean daukaten lan ordu guztiei.

Atzo artzai eguna ospatu zen Ordizian.

Xabier eta Maiderrek ere parte hartu zuten egunean zehar egon ziren hainbat ekitaldietan.

Biek aitortzen digute egun hau berezia dela, artzai guztiak biltzen garelako urtean behin